Azkenaldi honetan, ikastetxeak eta lantokiak hizkuntza ezberdinetako hotsez betetzen ari dira, atzerritik datorren jendea dela eta. Gainera, erbestera lanera joan behar diren gure inguruko gazteak ugariak dira baita ere. Errealitate honen aurrean guk ezin dugu ez-ikusiarena egin, beraz, zer nolako jarrera hartu beharko dugu?
Gure ohitura, balore, iritzi, bizitzaren ikuspegi eta abarrekin bat ez datozen pertsonekin behar bezala erlazionatu ahal izateko, zenbait gaitasun garatu behar ditugu. Kultura arteko komunikazio gaitasuna, gizarte eta kultura ezberdinetan jarrera egokiak izateko abilezia kognitiboen eta afektiboen multzoa da.
Orain da kultura arteko komunikazio gaitasuna garatzeko momentua, nerabezaroan bakoitzaren identitate kulturala, besteei buruzko iritzia eta justizia sozialaren garapena ematen baitira. Gainera, adin honetan, oraindik besteenganako jarrerak guztiz eratu gabe daude, baina ezezagunarenganako errefusa nabaria da. Beraz, ondorengo gomendioak jarraitzeko unea da.
- Bakoitzaren kultura, tradizio eta hizkuntza ezagutu eta baloratu: Beste kulturak ezagutu ahal izateko, lehenengo, bakoitzaren identitate kultural propioaren kontzientzia edukitzea ezinbestekoa da.
- «Nire mundua» kontzeptua zabalagoa egin: Gure inguruan norberarena dena baino askoz gehiago dagoela ohartu behar gara. Honetarako, anistasunarenganako sentsibilitate eta ulermena garatzea garrantzitsua da.
- Mundu mailako gaiei buruzko interesa piztu: Mundu global honetako hiritar sentitzeko, gomendagarria da aldaketa klimatikoari, egungo gerrateei, goseteari… buruz irakurtzea eta informatuta egotea.
- Ezberdina dena aberasgarri bezala ikusi: Desberdina dena ezagutzeak gure baloreak erlatibizatzea edota garrantzi gehiago ematea eragiten du. Gainera, beste kulturek elementu aberasgarriak ezarri ahal diote gureari.
- Beste kulturak ezagutu eta hauekin elkarbizi: Inguru kultural anitzeko eta hizkuntza ezberdina hitz egiten duten pertsonekin harremana izaten saiatu behar gara.
- Atzerriko hizkuntzak ikasi: Beste kulturak ezagutzeko garrantzitsua da hizkuntzak ikastea, inoiz ez da berandu hizkuntza bat ikasten hasteko.
Zure kultura arteko komunikazio gaitasun maila zein den jakin nahi duzu? Bete ezazu galdetegi hau!