«Nire bizitza osoa kirolaren inguruan eraiki izan dut eta nire plana ikasketak bukatzerakoan horrela jarraitzea da. Kirola egitean hainbat lesio eduki ditut, orkatiletan batez ere, eta horregatik gure gorputzaren funtzionamenduari buruzko jakin nahia piztu zitzaidan. Hau dela eta, kirol zientziak edo fisioterapia ikastea gustatuko litzaidake. Lanaldi programaren bidez lan mundu hau nolakoa den jakin nahiko nuke«. Otsailean, Lanaldi programaren aurtengo edizioa hasi zenean, Gorkak zera idatzi zigun.
Gorkaren ametsa kirolarekin erlazionatutako zerbaitetan lan egitea da. Gaztea da oraindik, 16 urte ditu, baina pasa den asteartean bere etorkizunetik hurbilago sentitu zen, mundu profesionala barrutik ezagutzeko aukera izan baitzuen.
IES Etxebarriko sei ikaslek beraien herriko Polikiroldegian pasa zuten eguna. Bertako profesionalei esker, kirol munduko langileen egunerokotasuna nolakoa den ezagutu ahal izan zuten. Gehienek argi zeukaten hurrengo ikasturtean batxilergoa ikasiko zutela baina gero, zalantzan zeuden, ez zekiten aukera ezberdinetatik zein aukeratu, TAFAD (Fisikako eta Kirol Jardueren Animazioko Goi Mailako Teknikaria), Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua, Lehen Hezkuntza (Gorputz Hezkuntzan aipamena), fisioterapiako gradua… baina Lanaldi esperientziari esker zalantza hauek argitu zituzten.
Hasieran, polikiroldegiko langile batek ikasleei ongi etorria eta enpresaren aurkezpena egin zien. Ondoren, kirol munduko profesional bilakatzeko jarraitu behar diren hezkuntza ibilbideak azaldu zizkieten eta mundu horretako enpresak zein egoeratan dauden eta langile bila daudenean bilatzen dutenari buruz hitz egin zuten. Aurkezpen orokor hau amaitzean, ikasle bakoitza profesional batekin elkartu zen, igerilekuetako monitorearekin, soroslearekin, pilates monitorearekin… Profesionalak txandakatzen joan ziren hiru orduz, «igerilekuan aquagym monitorearekin egon ginen, lehenengo nagusien klase batean eta ondoren, desgaitasuna daukaten pertsonenean. Jardunaldian parte-hartu genuen ikasle gehienei hau izan zen gehien gustatu zitzaiguna» esan zuen haietako batek eguna amaitzean.
Gazte hauen esanetan, beste egunekoa errepikatzeko moduko esperientzia izan zen, benetan interesgarria eta gainera, dinamikoa. «Profesional ezberdinekin egotean, gure etorkizunari buruz genituen zalantzak argitu genituen» pozik azaldu zigun Gorkak.
Polikiroldegiko profesional guztiek izugarrizko lan ona egin zuten, haiek ere zalantza momentu hau bizi izan dute orain dela gutxi eta badakite profesionalengandik aholkuak jasotzea zein garrantzitsua den. Lanalditik eskerrak eman nahi dizkiegu Etxebarriko Polikiroldegiko profesional guztiei eta Emtesport enpresari, benetan mila esker!