ERAGINA AL DU GENEROAK IKASKETA ERABAKIETAN?

Ahanzturan lurperatuta dugun hitz bat ekarri nahi dugu gogora, dikotomia. Ba al dakigu zer esan nahi dugun mundua dikotomien arabera ulertzen dugula esaterakoan?

Dikotomiak elementu kontrajarriak dira, eta sexua eta generoa ulertzeko dugun moduan eragina izan dute. Sexu-genero sistema ar/eme, gizon/emakume eta maskulino/femenino elementu kontrajarrien bitartez ulertzen dugu, eta gainera kategoria bakoitzari ezaugarri zehatz batzuk ezarri zaizkio. Eme/emakume/femenino hitzak pasibitatearekin, menpekotasunarekin, obedientziarekin, bizitza pribatuarekin eta lan erreproduktiboekin lotu izan dira*2, eta baita emozioekin, ulertzeko gaitasunarekin eta zaintzarekin*1. Ar/gizon/maskulino kategoriak aldiz, boterearekin, arrazionaltasunarekin, bizitza publikoarekin, soldatapeko lanarekin*lotzeaz gain, emozioen kontrolarekin, independenteak izatearekin eta lehiakortasunarekin lotu izan dira*1.

Mundu ikuskera hau, bizitza osoan zehar ematen den sozializazio prozesuaren bitartez txertatzen da jendartearen kontzientzian, eta genero bakoitzari egotzitako espektatibek eragin zuzena dute egunerokotasunean hartzen ditugun erabakietan. ERABAKI HORIEN ARTEAN, IKASKETA ETA LAN ARLOKO ERABAKIAK AZPIMARRATUKO DITUGU GAURKOAN. Horretarako, 2016ko Emakunderen Unibertsitate ikasketen aukeraketaren inguruko ikerketa bat hartuko dugu erreferentziatzat eta ondorengo grafikoen bidez genero perspektiban oinarrituta azterketa labur bat egingo dugu. Lehenengo grafikoan sexuaren araberako jakintza-arloen aukeraketa ikusi ahal izango dugu; eta bigarrenean berriz, sexuaren araberako ikasketa batzuen aukeraketen adibideak. Zehaztu beharra dago ere lagina 2.batxilergoko EAEko ikasleekin osatu dela.

 

1.GRAFIKOA: Sexuaren araberako jakintza-arloen aukeraketa. Emakunde (2016). *3

Grafiko honetan ikus daitekeen bezalaxe, genero ezberdintasun gehienak “Irakaskuntza Teknikoak” jakintza alorrean eman dira, eta mutilek joera handiagoa dute halako ikasketak burutzeko. Neskek berriz, “Gizarte eta Zuzenbide Zientziak” eta “Osasun Zientziak” jakintza alorrak hautatzeko joera nabarmenagoa dute.

2.GRAFIKOA: Sexuaren araberako zenbait ikasketen aukeraketa. Emakunde (2016) *3.

 

Azken grafiko honetan ikus daiteke, nahiz eta titulazioaren aukeraketa gehienetan generoak eragina duen, ingeniaritza eta irakasle-ikasketak direla genero rolen eragin gehien pairatzen duten titulazioak. Ingeniaritza ikasketetan nabarmenagoa da gizonen presentzia, eta irakasle-ikasketetan berriz, emakumeena.

Honekin guztiarekin bukatzearren, ondorio labur gisa esan liteke genero rolek ikaragarrizko eragina dutela ikasketa erabakietan, eta horiekin amaitzea zaila den arren, garrantzitsua dela gutxienez euren eraginaren inguruko kontzientzia piztea, hori izango baita askatasunaren eta berdintasunaren bidearen lehen giltzarria. Gai honen inguruko informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatz iezaguzu lanaldi@noviasalcedo.es emailera. Anima zaitez!

 

BIBLIOGRAFIA

*1 MARTÍNEZ BENLLOCH, I.; BONILLA CAMPOS, A.; GÓMEZ SÁNCHEZ, L.; BAYOT, A. (2008): Identidad de género y afectividad en la adolescencia: asimetrías relacionales y violencia simbólica. Anuario de Psicología, 39. zenbakia. Universitat de Barcelona. Bartzelona.

*2 FERRER PÉREZ, V.; BOSCH FIOL, E. (2013): Del amor romántico a la violencia de género. Para una coeducación emocional en la agenda educativa. Revista de currículum y formación del profesorado, 17. zenbakia. Universidad de las Islas Baleares.

*3 EMAKUNDE (2016): Berdintasunaren balioak duen eragina Euskadiko Batxilergoko 2.urteko ikasleek goi-mailako ikasketak hautatzerakoan. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea. Gasteiz.

 

 

Spread the word. Share this post!

Leave A Reply

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *